Batzordeak
Lan taldeak


Emakumeen etxean elkartu, ikasi eta elkar ezagutzea ez ezik, emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren aurka borrokatzeko lan talde ezbedinetan antolatzen gara. Eta guztiak, ahalduntzea lantzeko, biolentziaren aurka borrokatzeko eta eragin politikoa izan dezaten bideratuta daude. Lan talde hauek irekiak dira, gonbidatzen zaitugu gurekin elkarlanean aritzeko.



ZINE BATZORDEA

Agur bat luzatu nahi dizue Edurne, Mamen, Begoña, Nagore eta Juanak osatzen dugun batzordeak. Hilabetero hirugarren astearteetan filme bat aurkezten dugu eta jarraian eztabaida (zineforum feminista) izaten dugu. Feminismoarekin eta emakumeen arazoekin zerikusia duten filmeak aurkezten saiatzen gara. Eta ikustaldi hauek ardotxo bat eta patata batzuez goxatzen ditugu. Urtean behin udazken aldera Printzipal Aretoan emakumeek zuzendutako zikloa antolatzen dugu.

Zine batzordea

zineforum feminista

EKOFEMINISMO BATZORDEA

Gutxienez hilabetean behin elkartzen den emakume talde bat gara, hausnarketa teoriko-praktikoa egiteko, feminismo, ekologia eta ekonomia feministaren arteko dinamikak aztertu ditzagun. Denon arteko hausnarketa, ezagutza eta ekintzetatik abiatzen gara. Eta antzeko kezkak dituen edozein emakumeri irekita gaude.


ERASOEN AURKAKO BATZORDEA

Kaixo, Donostiako Emakumeen Etxeko Erasoen Aurkako batzordea gara! Gure lan guneak indarkeria matxista zer den, aurre egiteko egin behar dugunaren inguruan hausnartzen du. Horretarako, urtero jardunaldi batzuk antolatzen ditugu emakumeok pairatzen dugun indarkeriari buruzko hausnarketa bat egiteko, baita ekiditeko edota aurre egiteko tresnak bilatzeko ere. Halaber, indarkeria matxistari aurre egiten dieten emakumeentzat dauden baliabide publikoak aztertzen ditugu, ikusten dugulako ez direla ez nahikoak ezta eraginkorrak ere. Ezaugarri hauetako gune bat behar duten emakumeak bakarrik ez egotea nahi dugu. Erasoen aurkako batzorde bat gertu izatea nahi dugu, gurea bezalakoa, non parte hartu dezakezun.

Indarkeria matxistaren aurkako gune honetan parte hartu nahi izanez gero, anima zaitez!

erasoen aurkako batzordea

zineforum feminista

ARTIKULAZIO BATZORDEA

Elkarteko ekintzen planifikazioa, jarraipena eta ebaluaketa burutzen dituen gunea; tailerrak proposatu, koordinatu eta haien jarraipena egiteaz gain.


BATUKADA BATZORDEA

Orain 3 urte pasatxo, Batukada Feminista sortzea erabaki zuen Koordinakundeak. "Sorginbanda" izena jarri genion, eta Donostiako Emakumeen Etxearen ordezkari izateko xedez jaio zen. Batukadaren helburua da, ordezkaritza horrez gainera, emakumeei aukera ematea kalea okupatzeko, ordura arte gizonena edo nagusiki gizonek gidatutako talde mistoena izandako jarduera bat eginez okupatzeko, hain zuzen ere. Aldarrikapen feminista egiten duten ekintzetan eta emakumeen hilketen kontrako protestetan parte hartuz egiten dugu gure ekarpena.

Asteazkenetan biltzen gara, 18:30ean. Hamabostean behin, Arantza Vicedo eta Ainara Sarasketa irakasleek eskolak ematen dituzte, batukadako kideek erritmoak ikas ditzaten.

batukada batzoedea

zineforum feminista

TEKNOLOGIA BATZORDEA

Teknologia Batzordean, sukalde-laborategi halako bat bihurtu nahi dugu gure ADA ikasgela, errezetak eta jakinduria denon artean partekatu eta teknologiaz jabetzeko estrategiak ontzeko, tresna horiek kontrolatzeko, haiek gu kontrolatu beharrean.
Gune horretan ondo baino hobeto ikasiko duzu telefono zelularra edo tableta behar bezala erabiltzen, edo zure lana modu ikusgarri-ikusgarrian erakusteko aurkezpen bat egiten, edo kanpainaren baterako kartel on bat prestatzen nahiz wiki-feminista talde batekin Wikipedirako edukiak prestatzen. Zuhurtziaz nabigatzen eta datu pertsonalak babestuta gordetzen ikasteko gela bat. Indarkeriarik gabeko Internet bat nahi dugu.
Jakin nahi dugu zertan dautzan makinak, nolakoak diren barrutik, nola desmuntatzen eta muntatzen diren, ordengailu zaharrak birziklatzen, kanpokoari begirik kendu gabe: nork egiten dituen, zein enpresak saltzen dizkigun konexioak, nola dabiltzan sare eta azpiegitura digitalak…

Gune honetan parte hartu nahi duzu? Zatoz Emakumeen Etxeko ADA ikasgela digitalera!


DANBORRADA BATZORDEA

Donostiako jaietan eta bereziki Donostia Egunean berdintasuna borrokatzeko beharraz sortu dugu Emakumeen Etxeko Danborrada Feminista. Emakumeok antolatutako danborrada bat gara, non emakumeak protagonistak gara eta emakumeen parte-hartzea sustatzen dugu.